Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 19an irekiko du Batxilergo Berezirako hautagaitzak aurkezteko epea

2024-2025 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezien deialdia gaur onetsi du Gobernu Kontseiluak. Lehiaketa honek ibilbide akademiko bikaina egin duten ikasleen ahalegina eta dedikazioa aitortu eta sustatu nahi ditu, gizakiaren eremu guztietan bikaintasunaren bilaketa eta talentuaren identifikazioa helburu hartuta.

Baldintza hauek betetzen dituzten ikasleek izango dute Batxilergoko Sari Bereziak jasotzeko aukera:

  • Batxilergoko edozein modalitatetako bigarren maila Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeren batean egin izana.
  • Ikasketa horiek deialdiari dagokion ikasturtean amaitu izana.
  • Batxilergoko edozein modalitatetako bi mailetako kalifikazioetan batez besteko nota 8,75 puntu edo gehiago izatea.

Aurten, probetara aurkeztu nahi duten ikasleek izena eman ahal izango dute Hezkuntza Sailaren webgunean, maiatzaren 19tik 23ra. Probak ekainaren 12an egingo dira.

15.500 ikasle inguruk ikasten dute Euskadin Batxilergoko bigarren maila. Joan den 2023-2024 ikasturtean, 454 ikaslek parte hartu zuten Batxilergo Berezirako proba guztietan.

Urtero, Hezkuntza Sailak sariak emateko ekitaldira deitzen ditu sarituak, haien ahalegina aitortzeko, bai eta haien familiak eta ikastetxeetako arduradunak ere.