Eusko Jaurlaritzak kontuz ibiltzeko eskatzen du Aste Santuko irteera-operazioan

• Kalkuluen arabera, Euskadin batez beste 532.000 joan-etorri izan daitezke irteeran eta beste hainbeste itzultzeran

Joana Egiluz Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko sailburuordeak eta Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak Aste Santuko Trafikoko Operazio Berezia aurkeztu dute gaur, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik, Txurdinagan (Bilbo). Operazioai asteazkenean, hilak 16, jarriko da martxan, 15:00etan, eta astelehenean, hilak 21 (Pazko Astelehena), amaituko da, 21:00etan.

Aurten, joan-etorrien kopuruak iazkoak baino zertxobait handiagoak izatea aurreikusten da. Euskalmeten iragarpena ikusita, asteazkenera arte eguraldi desegonkorra izango da eta ostegunetik hobea izateko probabilitatea dago eta, ondorioz, Euskadin batez beste 532.000 desplazamendu espero dira irteera-operazioan eta beste hainbeste itzuleran. Iaz, 2024an, eguraldi ezegonkorra eta egun euritsuak izan genituen Aste Santuan eta 528.000 desplazamendu erregistratu ziren irteeran eta beste horrenbeste itzuleran.

Joana Egiluz Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko sailburuordeak zuhurrak izateko eskatu du, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritza Zero Biktima helburuarekin ari dela lanean Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako 2025 Plan Estrategikoan hartutako konpromisoen esparruan. “Inoiz ez dago soberan gogoratzea oporretan, garrantzitsuena, helmugara iristea eta etxera onik itzultzea dela. Atseden hartzeko eta gozatzeko egunak dira, eta, hori horrela izan dadin, ez gara nekatuko zuhurtzia, pazientzia, erantzukizuna eta errespetua eskatzen. Eta, gogoratu, arreta berezia eskaini behar zaiela kolektibo kalteberei, hala nola oinezkoei, motorzaleei edo txirrindulariei, besteak veste”, adierazi du Egiluzek.

Operazio Bereziko neurriak

Babes Zibileko sailburuordeak apirilaren 16tik 21era bitartean aurreikusitako joan-etorrien ondorioz trafikoari ahalik eta kalte gutxien eragiteko hartuko diren neurriak zehaztu ditu.

Ertzaintzako 200 agente inguruk trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko lanak egingo dituzte, zirkulazioa ahalik eta arinena izan dadin. Zirkulazio-fluxu handienak honako puntu hauetan espero dira:

A-8an, Kantabriako mugan

AP-8an, Biriatuko ordainlekuan

AP-1 eta A-1 lotzen diren lekuan, Armiñonen

A-8an, Kantabriako mugan, irteera-operazioan, zirkulazio-intentsitate handia izaten da asteazkenean, 15:00etatik 21:00etara, eta Ostegun Santuan 09:00etatik 15:00etara bitartean. Eta Itzulera-operazioan, Bilborako noranzkoan, ibilgailu gehien Pazko Astelehenean pilatzen dira, batez ere 13:00etatik 21:00etara bitartean.

Eguraldiak laguntzen badu, aurtengo datuak %3 baino gehiago igoko direla espero da, iazko datuekin alderatuta.

Horregatik, aurten, nobedade bezala, garabi arineko zerbitzu bat jarriko da, hau da, ibilgailuak, istripu edo matxura bat izanez gero, leku seguru batera premiaz erretiratzeko prebentzio-zerbitzu bat. Asteazkenean, hilak 16, garabia Bilbo-El Haya tartean egongo da, Kantabriarako noranzkoan, 17:30etik 21:00etara. Eta Ostegun Santuan, tarte horretan bertan egongo da garabia, 09:00etatik 15:00etara. Eta, Itzulera Operazioan, astelehenean, hilak 21 (Pazko Astelehenean), garabia El Haya-Bilbo tartean egongo da, Bilborako norabidean, 15:00etatik 21:00etara.

AP-8 autobidean, Biriatuko ordainlekuan, Frantziarako noranzkoan, auto-ilara luzeenak asteazken arratsaldean, 14:30etik 21:00etara, eta Ostegun Santuan, 08:30etik 16:00etara bitartean izaten dira. Pazko Astelehena jai da Frantzian eta, horren ondorioz, ostiralean eta larunbatean trafiko handia egoten da Donostiarako noranzkoan.

Euskadiko errepide-sareko hirugarren puntu gatazkatsua A-1 eta AP-1 bat lotzen diren lekua, Armiñongo lotunea, izaten da. Puntu horretan hiru bide garrantzitsu elkartzen dira: A-1, AP-1 eta AP-68.

Irteera operazioan, auto-ilarak A-1 errepidetik AP-1erako sarbidean sortzen dira, Burgos/Madrilerako noranzkoan, 3 erreitik errei bakarrera igarotzean. Irteera-operazioan, zirkulazio-fluxu nagusiak asteazken arratsaldean izaten dira, 15:00etatik 20:00etara, eta Ostegun Santuan, goizean, 08:00etatik 14:30era.

Bi egun horietan, asteazken arratsaldean eta ostegun goizean, Burgos/Madrilerako noranzkoan auto-ilarak 6 kilometrotik gorakoak badira, behin-behineko hainbat trafiko-kartel jarriko dira eta N-1 bide zaharra erabiltzea gomendatuko da, A-1 errepidearen paraleloan doana. Ibilbidea zertxobait luzeagoa da, baina zirkulazioa bikoiztu eta ibilgailuen fluxua arintzeko aukera emango du.

Itzulera Operazioan, Pazko Astelehenean, trafiko-fluxu handiak, 12:00etatik 22:00etara erregistratzen dira, oporraldiaren itzulera irteera-operazioan baino modu kontzentratuagoan egiten baita.

Istripu-tasa

Iaz, 2024an, ez zen hildakorik izan Aste Santuko Trafikoko Operazio Berezian. 97 istripu izan ziren guztira (horietatik 29 biktimekin), eta lau pertsona larri zauritu ziren. Datu horrek esan nahi du istripu-tasa %9 igo zela aurreko urtearen aldean (2023), urte horretan 89 istripu gertatu baitziren, eta pertsona bat hil zen eta 5 larri zauritu.

Gomendioak

Arrisku-egoerak saihesteko eta trafikoa ahalik eta segurtasun handienarekin igarotzen dela bermatzeko, gure ustez, honako gomendio hauek hartu beharko lirateke kontuan:

  • Errepidera atera baino lehen, klimatologiaren berri jaso, Euskalmeten bidez, eta trafikoaren egoeraren azken ordua ezagutu, 011 telefono-zenbakiaren, trafikoa.euskadi.eus webgunearen edo @trafikoaEJGV Twitterreko kontuaren bidez
  • Kontu handiz ibili errepidean
  • Ibilgailua bidaia egiteko baldintza egokietan dagoela ziurtatu
  • Otordu oparoak saihestu, eta alkoholik edo drogarik ez kontsumitu, ez eta gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ere
  • Eta, nola ez, trafikoko agenteen jarraibideei kasu egin