Ertzainek 30 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Bilbon, bide publikoan emakume bati indarkeria erabiliz dirua lapurtzeagatik. Zerbitzutik kanpo zegoen ertzain baten esku-hartzeak erraztu zuen lapurra atxilotzea.
Atzo, asteartea, arratsaldeko ordu bat eta erdiak aldera, biktima supermerkatu batera sartzera zihoanean, pertsona batek esan zion poltsikotik dirua lurrera erori zitzaiola, eta, jasotzera zihoanean, beste pertsona batek hartu zuen. Guztira berrogei bat euro ziren billetetan. Gizon horrek ez zion dirua itzuli nahi izan, eta emakumea astindu eta bultzatu ondoren, korrika ihes egin zuen Zabalburu plazarako noranzkoan.
Inguruan zebilen eta zerbitzutik kanpora zegoen ertzain batek ikusi zuen emakumea kalean korrika eta oso urduri, eta emakumeak esan zion gizon batek dirua lapurtu berri ziola. Agentea gizonaren bila hasi zen, eta gertatutakoaren berri eman zion Ertzaintzaren Koordinazio Zentroari.
Handik laster, ertzainak taberna batetik irteten ikusi zuen ustezko lapurra, eta hau korrika ihes egiten saiatu zen berriz ere, Juan de Garay kalearen inguruan. Herritarrak babesteko lanetan ari zen eta lapurretaren berri izan zuenean bertaratu zen patruila batek atzeman ahal izan zuen gizona, eta, identifikatu ondoren, indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zuen.
Polizia-aurrekariak dituen atxilotua atzo arratsaldean bertan eraman zuten Guardiako Epaitegira, beharrezko eginbideak amaitutakoan.