Ertzaintzako agenteek sei pertsona atxilotu dituzte, bost gizon eta emakume bat, bart, osteguna, San Mames inguruan, Athletic Club eta Rangers taldeen arteko partidaren amaieran izandako istiluen ondorioz. Horietako hiru desordena publikoen delituengatik eta beste hiru agentearen aurkako atentatuengatik.
Gertakariak gaueko hamaikak aldera izan ziren partida amaitu zenean, San Mames inguruan. Bi taldeetako jarraitzaileen arteko liskarrak izan ziren, eta hiru gizon atxilotu zituzten, bi Erresuma Batukoak eta beste bat bertakoa, agentearen aurkako atentatu-delituak egotzita.
Inguruko kaleetan, pertsona-talde batzuek, kaputxadunek, edukiontziak gurutzatu eta su eman zieten, eta kristalezko botilak eta beste objektu batzuk jaurti zizkieten Ertzaintzaren baliabideei. Ertzainek hainbat kargaren bidez esku hartu behar izan zuten, egoerari eusten saiatzeko, segurtasuna bermatzeko eta normaltasuna berrezartzeko. Istilu horietan, emakume bat eta bi gizon atxilotu zituzten, guztiak bertakoak, desordena publikoa egotzita.
Ertzaintzako hamabi agentek kolpeak jasan dituzte, eta osasun-laguntza behar izan dute.
Atxilotutako sei pertsonak, 17 eta 37 urte bitartekoak, gauean aske utzi dituzte, eta Agintaritza Judizialaren aurrean aurkeztu beharko dira.