Ernesto Valverde: «Europan gaude, orain laugarren postuan mantentzea eta finalera iristea da helburua»

Ernesto Valverdek komunikabideei erantzun die Athelticek San Mamesen UD Las Palmasi 1 eta 0 irabazi ostean: «Hiru puntu hauekin bigarren urtez jarraian jokatuko dugu Europan, pozez gainezka gaude. Hasieratik gabiltza horrelako zerbaitegatik borrokan eta, bost jardunaldi falta direnean, 60 puntu ditugu. Hau guztia LaLiga beste lehiaketa batzuekin konbinatuz. Gure helburua orain laugarren postuari eustea eta Europa Leagueko finalera iristea da».

Partidaren joanari dagokionez, entrenatzaile zuri-gorriak onartu du hiru puntu oso sufrituak izan direla: «Haiek dinamika onean zetozen eta kostatu egin zaigu, baina egia da bigarren gola ere oso gertu izan dugula».

Sanceren lesioaz galdetuta, Valverdek hauxe erantzun du: «Espero dugu asko ez izatea. Giharretako zerbait da, baina biharko balorazioaren zain egon behar dugu».

Etorkizunari begira, Athleticeko entrenatzaileak oso positibotzat jo du orain duten atseden astea: «Oso ondo etorriko zaigu finalerdia prestatzeko, eta, gainera, gero ez dago atsedenik.Taldea oso ondo ikusten dut, nahi genuen tokian gaude, konfiantzarekin».